XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gerturatu zenean, eraikuntzaren goialdean, txartel bat ikusi ahal zuen: Carpa de la Ciencia.

Goiz bazen ere, jendea sartu-atera zebilen.

Irrika eta barreka irteten ikusi zuenean jendea, bera ere animatu egin zen eta, gehiegi pentsatu gabe, barna sartu zen.

Franko jende zebilen harat-hunat mota guztitako makina eta tramankulu haien aurrean: pintatzeko pantailak zirela, jolasteko makinak zirela, ileak baratxuria baino tenteago batzuk, musikarekin jo eta ke beste batzuk...

Eskubiko txokoa hutsik ikusi zuen eta han, erdian, ataka bat zeukan egundoko trastea.

Hurbildu eta Ez konformatu honekin, ezagut itzazu mundu berriak txarteltxoa leitu zuen.

Han zegoen gure Felipe sartu-ez sartu, makinatik agure zahar bizardun bat atera zenean burua ezker-eskubi higituz.

Sartu, sartu, gazte, ea nik baino zorte hobea duzun, esan zion ondotik pasatzean eta segidan bere golkorako Erromatarrok erotuta daude.

Felipe, ezer gehiago gal ez dezakeen jakiteak ematen duen segurtasunez, makinara sartu zen.

Barruko gelatxo hura kolore eta tamaina guztitako botoiez eta balankez josita zegoen.

Inolako argibiderik ez zegoenez, berak bederen ez zuen ikusi, berdin zitzaion edozein botoi sakatzea.

Sendo arnastu eta... dzast! botoi berde bat sakatu zuen.

Ezer ez.

Goian zegoen balanka bat... dzast! behera jaitsi zuen.

(Goian dagoena behera jaistea igotzea baino errazago delako, agian).

Eztare.

Nerbiosten ari zen.

Bi botoi batera zanpatu zituen.

Gauza bera.

Proba ugari egin arren, han ez zen ezer mugitzen.

Azkenean, asper-asper eginda, erabaki latza hartu zuen.

Eta han hasi zen, botoi hau, barna; hauek, kanpora; balanka hau, gora; beste hau, behera.

Ez zuen ezer bere tokian utzi eta orduan bai, geroz eta ozenago aditzen zen urrutitiko soinu bat hurbilduz zetorkion; geroz eta biziago zen argi batek uxatu zuen gelako iluntasuna.

Feliperi berari, zorabiatuta balego bezala, gauza orok bueltaka hasi zitzaizkion.

Eta, derrefente, tunel ilun bat ikusi zuen aurrez-aurre.

Nahiz eta bere indar guztiez atzera egin, beste indar haundiago batek bukaerarik gabeko zirudien tunel barrura bultzatzen zuen.

Eta orduan bera ere bueltaka eta bilin-balanka hasi zen tunel madarikatu hartan.

Zarata habarrotsu hark zeharo gortuko zuen edozein momentutan; bitartean, tunelean behera zihoan bunbulunka, inbuluzkaka, galgarik gabeko kotxea maldan behera bezala.

Ez zuen bere burua kontrolatzerik; hainbeste argik itsutuko zuelako inpresioa zuen.

Eta putzu hartan eroriz eta eroriz joan zen batek daki zenbat denboraz.

Erorketa hura inoiz bukatuko ez zelakoan (...)